Iada bada ia hilabete bat maiatzaren 2an Judimendiko Gazte Asanbladak, Judimendi Etorbideko 44.zkia okupatu zuenetik. Hori ospatzeko, larunbat honetan, maiatzaren 30ean alegia, jaialdia antolatu dugu. ANIMA ZAITEZ!
Archive for Maiatza, 2009

AUZOLAN-ZOZKETA BURUTU DA!
Maiatza 25, 2009Atzo igandean, Judimendiko Gaztetxeak antolatutako Auzolan Egunaren baitan, aurreko asteetan gaztetxeko beharrizan ekonomikoei laguntzeko saldu ziren bonolaguntzen zozketa burutu zen. Eguraldi txarra zela-eta aldaketa batzuk jasan zuen egitarauari buruzko kronika laister izango duzue gure blogean, baina momentuz, hemen dauzkazue zozketaren emaitzak.
ZURE ZENBAKIA BALDIN BADA, BADAKIZU:
PASA ZAITEZ GAZTETXETIK ETA ZURE SARIA JASO!!
1. SARIA (Arabako produktu sorta + kamiseta)
0349
2. SARIA (Kamiseta)
0127

MAIATZAK 24: AUZOLAN EGUNA, JUDIMENDIKO GAZTETXEKO JAIALDIA
Maiatza 19, 2009Judimendi auzoan, Etorbideko 44. zenbakian gaztetxe berria okupatu genuenetik 17 egun pasa dira iada, eta azken asteetan, auzolanaren bitartez burututako txapuzei eta modu aske eta autogestionatuaren bidez antolatutako ekimen kulturalei esker gaztetxea loratu den bitartean, auzokideen hasierako aurreiritziak gainditu eta oso jarrera baikorra zabaldu egin da. Hala ere, denborarekin zehaztuz joango den desalojo arriskuarekin batera, itogarri bihurtzen hasi den kontrol poliziala (paisanoz jantzitako kojoneroak, argazkiak, munizipalen etengabeko “bisitak”,…) salatu nahi dugu.
Hala ere, guzti horren gainetik, gazte aske bezala, gaztetxea eta auzoa aurrera eramateko konpromezua berresten dugu egunero. Horregatik, guzti hau gainditu eta lortu dugun indarra ospatzeko, Auzolan Eguna antolatu dugu Gasteizko Arabatakadaren ajearen osterako, maiatzaren 24an (igandean), egun osoan zehar auzokideen eta kolektibo ezberidinen auzolanaz luzatuko den jaialdia prestatu dugu, Judimendiko Gaztetxean bertan (eguraldi ona badago kanpoan ere egingo dira hainbat ekimen):
12.00etan ‘Okupi’ren jaitsierarekin batera pregoia eta txupinazoa burutuko dira; honen ostean, gaztetxeko hurrengo belaunaldiak ekarriko dituzten umeentzako txokoa hasiko da, Trikuharri Gazte Asanbladarekin eta Urtxintxa Taldearekin batera.
12.30etan alboka eta txalaparta erakustaldiak egongo dira. Aldi berean, ikasi nahi duenak horretarako aukera izango du tailerren bidez, astero astelehenetan eta astearteetan bezala.
13.00etan Euskal Dantza erakustaldia egongo da; aurrekoan bezala, erakustaldi soila ez da izango baizik eta edonork parte hartzeko aukera izango baitu.
15.00etan, jarduera ezberdinak aurrera doazen eta sor daitezkeen berriak hasten diren bitartean, indarrak hartzeko bazkari herrikoia egiteko atsedena hartuko dugu. Bazkarirako txartelak salgai: Gaztetxean bertan, auzoko Paddy Shorts tabernan, Arana auzoko Galtzagorri tabernan eta Alde Zaharreko Garraxin. Bazkal ostean, egun hauetan zehar saldu diren boletoen zozketa burutuko da.
15.45etan, postrea eta kopa hartzeko orduan, Bicanegra kantautorea izango dugu gurekin, arratsaldeko lehenengo ziztada emateko.
17.00etan, Gasteizko “elektrotuna” famatuenaren eskutik, elektropoteoa hasiko da auzoan zehar, gaztetxea lortu arren kalegorritarrak izaten jarraitzen garela ez ahazteko.
19.00etan, azkenik, egunari amaiera emango dioten kontzertuak hasiko dira: Boneman-en raggamuffina, Desmadre, eta RSV Crew-ko auzokideen rapa izango ditugu ikusgai. Gainera, azken kontzertua amaitzerakoan raperoen eta bertsolarien arteko borroka egongo da, bertso-hop saio ikusgarri batekin, egunari amaiera emateko.
Hurrengo egunean, auzolanarekin jarraitu eta gaztetxea aurrera eramango dugu…

NAKBA EGUNA JUDIMENDIN: PALESTINA ASKATU!
Maiatza 17, 2009Aintzinean komunitate juduaren auzoa izandako auzo honetan, Judimendin, ostiral honetan, maiatzaren 15ean 61. urteurrena betetzen zuen Al-Nakbaren eguna ospatu zen, Israel estatua sortu eta milaka palestinar euren etxeetatik eta euren herria denetik ihes egin behar izan zuten eguna, alegia.
Goizetik hasi ginen bildutako hamarnaka gazteek Israelgo estatuarekiko boikota eta Palestinarekiko elkartasuna zabaltzen. Izan ere, aipatu dugun auzoaren iragan judutarra oriotzen duen monumentuan (Yael Artsi artista israeldarrak egina eta gaztetxetik 30 metro eskasetara aurkitzen duguna), ‘Palestina Askatu!’ zioen pankarta bat kokatu zuten, boikota juduen aurka ez dela, baizik eta Israelgo interes ekonomiko, sozial, politiko, erlijioso eta kultural guztien aurkako ekimena dela argi utziz.
Eguerdian, janari palestinarra ezagutzeko aukera eman zigun bazkari herrikoia antolatu genuen, boikoteatutako monumentuaren parean, eta eguraldi ezin hobearekin.
Behin sabela beteta geneukala, parkera hurbildu eta Askapenako kide baten eskutik, Nakbaren historia eta Israeli Boikot! ekimenari buruzko hitzaldi oso interesgarria entzun ahal izan genuen, hurrengo egunean Palestinarekiko elkartasuneko manifestazio nazionalerako bidea ireki ziguna.
Hitzaldiaren ostean, dantza arabiarreko talde baten eskutik, ekitaldi oso ikusgarria ikusteko aukera izan genuen gaztetxearen ondoan, gero eta jende gehiago hurbiltzen zen bitartean. Azkenik, Judimendiko egitaraua amaitu eta astero Gasteizko Andra Mari Zuriaren plazan burutzen den euskal preso politikoen aldeko kontzentraziora kalejira egin genuen, Palestinarekiko elkartasuna herri zapaldu batetik sortzen den oihua dela argi utziz.
Gauean, Gasteizko Gaztetxean bertako Gazte Asanbladak eta Judimendiko Gazte Asanbladak antolatutako jaialdia ospatu zen, 20.30etatik aurrera. Expolio hardcore taldearen eskutik, kontzertua lehenengo eta berbena geroago izan genituen; azken honetan, publikoko jendea eszenatokira igo eta abestiak aukeratu eta abesteko aukera izan zuen. Kontzertuaren ostean, gaupasa goizeko 8.00ak arte luzatu zen.
Modu honetan, argi geratu da Judimendiko Gaztetxea, soilik 13 egun lehenago okupatutako Gaztetxea loratzen hasia dela, eta aldarrikapenak hedatuz eta kultura askea sortuz auzoa berpiztu duela.
Gomendioa: GATAZKAREN HISTORIA (dokumentala)

BIHAR, NAKBAREN EGUNA
Maiatza 14, 2009
Bihar, Judimendiko Gazte Asanbladak, Askapenarekin batera antolatuta, Palestinarren aurkako genozidioarekin batera hasi zen exodoa, Al-Nakba, oroitzeko, Nakba Eguna antolatu dute Judimendiko Gaztetxean. Egitaraua honako hau izango da:
15.00etan BAZKARI HERRIKOIA (janari palestinarrarekin)
16.30etan NAKBA ETA PALESTINAKO GATAZKARI BURUZKO HITZALDIA (Askapenaren eskutik)
18.00etan ELKARTASUN DANTZA ARABIARRAK
19.45tan KALEJIRA EUSKAL PRESO POLITIKOEN ESKUBIDEEN ALDEKO KONTZENTRAZIORA
Gauean, JAIALDIA EGINGO DA GASTEIZKO ALDE ZAHARREKO GAZTETXEAN BERTAKO ETA JUDIMENDIKO GAZTE ASANBLADEK ANTOLATUTA.
Hurrengo egunean, 16an, arratsaldeko 16.00etan, bideoemanaldi batekin amaiera emango zaio Nakba oroitzeko ekimenari.












